XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ondotik zetorren Philippe Veyrin (1900-1962).

Jaun hau Saboiatik Euskal Herrira etorria zen udara igarotzeko asmoz eta gure herriaz liluraturik hemen gelditu zen.

Burges izanagatik oso langile genuen ainitz historia eta istorio bildu eta argitaratuz; baina idazlanez gainera gure paisaiak pintatu zituen.

Burutu zuen lanik ezagunenari Les Basques deritza, 1942. urtean argitaratua.

Liburu horren azken argitalpena, gehigarriz, gaur egun euskaltzainburu dugun Haritschelhar jaunari zor diogu.

Hemen jarriko dudan lekukotasuna ordea, hitzez-hitz, 1955.eko argitalpenetik jasoa da, eta hau dio: Harrigarrizko eder da hizkuntza, arroka soilak bezala eusten du mendeak zehar inguruko erromantzeen itsas-gora, zailtasun ospearekin.

Euskaldunak eurak atseginez agertzen dute deabruak berak ere ezin ikasizkotzat, zazpi urteren buruan, bai eta ez, oui et non esaten baizik ez bait zuen ikasi.

Bi hitzok ere ahaztu omen zituen Saint-Ezpirituko zubia igarotzean.

Harrigarria badirudi ere, oraindik gure egunotan jarraitzen du mito horrek zeren 1968. urteko ekainean Mar del Platan-n ospatu zen Segunda Convención de Ciencia Ficción de la República Argentina literatura sarian Gu ta gutarrak zeritzan ipuiak irabazi zuen, egiletzat Magdalena Moujan Otaño matematika irakaslea zela.

Argentina eta Espainian, batera agertuko zen Franco-ren zentsurak argitalpena galerazi ez balu.

Baina ez uste deabrukeria oztopo zuenik, ez.

Galerazpena euskaldunon jatortasuna hain nabari agertzetik zetorkion.

Franco-rentzat, herri bezala, gu ez ginen gu, eta gutarrok burua makurtu beharra genuen unidad de destino en lo universal zeritzan mito berri laster suntsituko zenaren aurrean.

Baina, deabrukeria ere hor zen argentinarraren luman: El extranjero que lo aprenda muy inteligente ha de ser, y bueno además, pues Jainkoa no dejaría aprender el euskera a un malvado. El Demonio estuvo aquí siete años, y con nadie entenderse pudo.

Mito horrek, argi dago, euskarari ez ziola onik egin.

Baina, gaur hemen adierazi nahi dudana, zera da, deabruak ere euskara bazekiela.

Pedro Ignazio de Barrutia y Basagoitia (1682-1759) Zalgo auzoan jaio zen aramaioarra Mondragoen Udaleko idazkari zela, Gabonetako ikuskizuna edo Acto para la Noche Buena zeritzan antzerkia agertu zuen.